Ordizia Siglo XX Plater Prestatuak-en garaipen berria, oraingoan Zarautzen, non 27-31 gailendu zitzaion kostaldeko taldeari. Ordiziarren lehen zatia oso ona izan zen, 9 goleko errentarekin iritsi baitziren atsedenaldira, 9-18 markagailuarekin. Bigarren zatian partidaren dinamika aldatu egin zen eta kostaldeko taldeak gurea estutu zuen, baina talde urdiñak lasai jarraitu eta garaipena Ordiziara ekartzea lortu zuen.
Lehen zatiko defentsako lan onarekin, baita erasokoarekin ere, jarraitu beharko du taldeak hasierako bolada ona ez apurtzeko. Bigarren zatian erakutsitako jarrera, abantaila jaitsi eta aurkarien probokazioen aurrean, gida ona izango da datozen partiduetarako. Egoera desberdinen ondorioz partiduak zailtzea ohikoa izango da partidu guztietan eta hauen aurrean taldearen jarrerak markatuko dituzte emaitzak.
Emakumezkoen seniorraren porrota, 22-15, Tolosaren aurka, Anoetako kiroldegian jokatutako partidan. Ordiziarren partidu hasiera ona, markagailu estu batekin zerbait positiboa lor zezaketela ematen baitzuen. Baina lehen zatiaren amaierak eta bigarrenaren lehen laurdenak neurketa erabaki zuten, 3 penalti huts egin eta 9 baloi galdu ziren aurkarien defentsa ekintzarik berezirik gabe.
Hurrengo neurketei begira, gertatutakoa ahaztu eta iragan astean gertatutakoa hartu behar dugu erreferentziatzat. Bertan, defentsan ondo lan egin zen, partida honetan bezala, eta erasoan asmatu egin zen. Anoetan ikusitakoak baino 10 gol gehiago lortu ziren, non erasoko ekintzetan sentsazio eskasa eman zen.
Gizonezkoen senior mailako bigarren taldeak 31-27 galdu zuen Bera Beraren aurka. Partidan zehar talde urdinak 5 goleko abantailak ere izan zituen, atsedenaldira 2 goleko abantailarekin iritsi ziren, 14-16. Baina partida luzea egin zen, ezin izan zen atseden hartu eta azkenean ezin izan zitzaion partidari eutsi. Taldeak lehiakorra izaten jarraitzen du eta bere jokalari gazteak senior mailara egokitzea lortzen ari da, emaitzaren presioa desagertu egin da eta jokalariek lasaiago eta modu eraginkorragoan jokatzen dute.
Jubenil mailan berriro galdu zuten gure bi ordezkariek, emakumezkoen taldea partida txar batean modu errez batean galdu zuen Bergaran, inolako aukerarik izan ez zuen partida batean, 35-16 galdu baitzuen. Mutilen taldea 8 jokalarirekin joan zen Hernanira, 4 kideren bajagatik, eta hori partidan zehar nabaritu zen. Taldeak lehen 20 minutuetan ondo jokatu zuen eta emaitza estuari eutsi ere bai, markagailuan aginduz momenturen batean. Baina lehenengo zatiko azken 10 minututan etxeko taldeak 6 goleko aldea lortu zuen, atsedenaldian 20-14. Norgehiagokaren amaieran 33-26.
Kadete mailan gauzak ez zitzaizkigun ondo joan, gizonezkoen taldeak Hernaniren bisita jaso zuen. Partida talde bisitariak irabazi zuen 19-26ko markagailuarekin, atsedenaldian 9-15. Talde urdina ez zen ondo ibili erasoan eta hori markagailuan nabaritu zen. Bigarren urteko emakumezkoen taldeak Saiekoren bisita jaso zuen, 19-25 bukaeran, 8-16 atsedenaldian. Joko txarreko lehen zati batek ordiziarrak kondenatu zituen. Lehen urteko taldeak Leizaranen aurka jokatu zuen Majorin, 14-19 izan zen azken markagailua, lehen zatiaren amaieran txarrak eta bigarrenaren hasiera kaskarragoak partida irabazi ezinik geratzea eragin zuen.
Lehen urteko haur mailako emakumezkoen taldeek debuta egin zuten, Ordizia Eskubaloia Urolari gailendu zitzaion argi eta garbi, 24-5 izan zen azken emaitza. Ordizia Oianguk Egia indartsu batekin egin zuen topo eta galdu egin zuen partida, 25-9 markagailuan.